Erregistro formularioa

Please fill up the form below:

Jaiak eta ohiturak

JAIAK ETA OHITURAK

Herriko Pestak. Areso

HERRIKO PESTAK

Herriko pesta nagusiak, abuztuaren 14tik 18ra bitartean ospatzen dira, Jasokundeko Ama Birjinaren omenez. Herritar guztientzako festa eta ikuskizunak antolatzen dira; aizkolariak, pelota partiduak, trikitixa, otorduak eta umeentzako jolasak tarteko. Herritarrek beraiek ere, “Aresoko ingurutxoa” dantzatzen dute.

MENDI MARTXA

Irailaren lehenengo igandean egiten da mendi martxa. 2008an egin zen lehen aldiz, eta arrakasta ikusita urteroko lege bihurtzea erabaki da. 23 kilometroko ibilbidea eta 1.200 metroko desnibela. Aresoko plazan hasi eta herria inguratzen duten mendiak zeharkatzen ditu mendi martxak. Aurtengoan 270 lagun izan dira, ttipi-ttapa, inguruaren edertasunaz gozatuz

Ibilbidea: Areso – Ulizar – Merku – Urkita – Pagozelai – Guratz – Areso

Luzera: 23 kilometro

Desnibela: 1.200 metro

Izen ematea: Aurretik udaletxean edo goiko web gunean eta egunean bertan plazan

EUSKARAREN EGUNA

Areso herri euskalduna izaki, eguneroko kontua da ahoz aho euskaraz mintzatzea. Baina, Euskararen egun ofiziala ospatzeko, abenduaren 3a, aitzakia hartuta, ekitaldi ugari antolatzen dira herrian Guraso elkartearen eskutik; dantzariak, pilotariak, haurrentzako ikuskizunak eta talo jana tarteko

EGUBERRIAK

Goizean herriko haur eta gaztetxoak gabon doinuak abestuz, kantuan ibiltzen dira etxez- etxe. Eskean bildutako diruarekin Nikaraguako lau haur dituzte apadrinatuak.

Euskal Herriko ikazkin famatuenak ere Aresoko bisitatzen du! Mendiz-mendi iristen da Olentzero gurdian opariak dituela, umeen mundu magikora. Trikiti doinuekin egiten zaio ongi etorria eta opariak banatu osten, bere omenez, estalpearen ondoan Olentzeroren panpina jartzen da.

Eta Olentzeroren opariak gutxi balira, Hiru Erregeek ere ikasia dute Aresoko bidea, eta etxez-etxe umeei opariak banatzen dizkiete.

IHAUTERIAK

Mozorroen festa. Urtarrilaren azken aste bukaeran, kolorez janzten dira etxeetako balkoiak. “Lagun artea” gazte taldeak eta “Guraso elkarteak” antolatzen dute, 3 eguneko festa.

Ostiralean, eskolako umeak mozorrotuta eta karrozarekin ateratzen dira kalera. Larunbatez, herriko gazteak eskean joaten dira baserriz baserri musikarekin herria alaituz. Igandean, herriko etxeetan egiten dute eskea, beti ere, otorduak tarteko direla. Gurasoak berriz, haurrekin mozorrotu eta ekitaldiak egiten dituzte plazan.

HAUR, GURASO ETA ESKOLEN ARTEKO TOPAKETAK

Areso, Goizueta, Arano eta Leitzako haur eta gurasoen topaketak urtero ospatzen dira, apirila inguruan. Aresok lekukotza 3 urtez behin hartzen du.

4 herri hauetako ume eta gurasoak jai giroan elkartzea da helburua eta bide batez Areso herria ezagutzea. Txistulariak, dantzariak, eskoletako haurren ekintzak, jolasak, bazkaria eta trikitixa dira jai honetako egitarauan nagusi.

ERMITARA ERROMESALDIA

ERMITARA ERROMESALDIA

Santa Kruz baselizari izena ematen dion egunean, maiatzaren 3an, erromesaldia egiten da. Aldapa gogorrean, erromesak gurutz bidea egiten dute, bertan meza ospatu eta hamaiketakoa egiten da.

SAN JUANAK

San Juan gaua edo udako solstizioa: urteko egunik luzeenean ere festa egiten da Aresoko plazan. Garai batean, Ulizar mendian sorginek egiten zuten moduan, akelarrean. Aresoarrak, herriko plazan biltzen dira arratsaldean, umeekin ekintzak egin, herri giroan afaldu eta sua egiten dute, salto eta dantza eginez. Sorginen moduan alegia!

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que tengas la mejor experiencia de usuario. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, más información.

ACEPTAR